Elias Amezaga

Antzerkigile

Antzerkigile gisan, Espainian eta Amerikako beste zenbait herrialdetan ere egin zituen bere antzez-lanen estreinaldiak. Madrilen, hiriburuko antzokietan, Arthur Adamov, Bertolt Brecht eta Maurice Druon eman zituen ezagutzera, Michel de Ghelderode, ankerkeria-antzerki sortzailearen zenbait lanez gain -honen obra osoaren esklusiba izan baitzuen urte batzuetan, eta Señorita Jairo, Escorial eta La Escuela de los Bufones estreinatu-, autore flandriar honen ia drama guztiak gaztelaniaratu zituelarik. Chopin eta Van Gogh-i buruz idatzi zituen liburuen antzezpen egokitzapenak egin ziren, Televisión Españolan estreinatu zirenak, hala nola El proceso de María Estuardorena, Radio Nacionaleko 1 kateara igaro zena. Umeen antzerkia landu zuen eta, saiakera-antzerkian, Los Cátaros taldeak Espantajo antzeztu zuen. Eta Ponce-ko Unibertsitatean (Puerto Rico), El hereje. Lope de Vega Konpainiak ere antzeztu zuen zenbait herrialdetan haren Redentor del Mundo. Bere El inventor de la luna antzez-lanarekin Madrileko Beatriz antzoki jada desagertuan izan zuen irristadaren ondoren, antzerkia utzi egin zuen. Ez zuen lortu inoiz Yo, demonio, marañondar menperagaitzen buruzagi izandako Lope de Agirreren ibilaldi eta nabigazioei buruzko tetralogia estreinatzerik.

Francisco Yndurain idazle zenaren iritziz, "bere antzerki-piezek, eszenarekiko kezkaz blai eta, kasuren batean, aurkezpen formal ausartienarekin, toki garrantzitsua merezi dute, nire ustez, zenbaitek -ez zentsura gisan, baizik eta definizio gisan- absurdoarena deitu dion teatroaren korronte modernoenen artean". Honelako egitekoetara dedikatzen denaren historia, edo bizitzara edo lanera makurtu ohi da. Azken honetara makurtu da Amezaga. Lanera eman zen buru-belarri eta helburu horiexen menpe jarri zuen hasieratik bertatik bere bizitzaren izangoa. Bere lanari begira bizi izan zuen, eta huraxek gidatu zituen haren urratsak. Liburutegi-dorre batean egindako lana, mendi gainean eta mundutik aparte, uneoroko sortze edo birsortze lanerako materialen bila instituzio zientifikoetara egiten zituen irteerakin.