
Nota Biografikoak
Izenburu horixe jarri zion Mario Angel Marrodan poetak, hain zuzen, Elias Amezaga Urlezaga euskal idazle ezagunari buruz berak idatzitako eta Jorge Oteizak hitzaurrea egindako liburu bati. Eta izenburu berbera jarri diogu guk ere euskaldunei buruz munduan gehien idatzi duen autorearen bizitza eta obra azaldu nahi duen web-orri honi.
Bilbon jaio zen, 1921eko abuztuaren 9an, eta Getxon hil zen 2008ko apirilaren 13an, eta Deustuko Unibertsitatean ikasi zuen Zuzenbidea, urte bat aurreratuz, eta Oviedoko Unibertsitatean amaitu zuen karrera.
Literatur kolaboratzailea izan zen, bere ikasle denborako urteetan, Bilboko Hierro eta Oviedoko La Voz de Asturiasen, eta geroago Deia, La Gaceta del Norte, El Diario Vasco, Bilboko La Hoja del Lunes, El Correo, Diario 16, Egin, Muga, La Voz de Vizcaya, Boletín de la Institución Sancho el Sabio, Arbola, Pérgola, Letras de Deusto, Historia Contemporánea, Kultura, El Mundo del País Vasco, Arabako Egunkaria eta abarretan.
Bizitzako zati handi bat Getxoko bere dorre-etxean eman zuen edota Madril (San Lorenzo de El Escorial, Real Academia de la Historia...), Paris, Amsterdam, Baugancy, Coimbra, Salamanca, Simancas hirietako artxibo, liburutegi eta hemeroteketan zehar, bere ikerketetarako datuen bila.

